XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fletcher izango da esan zuen Shanek.

Honez gero entzun du, noski, kaletarrak ere haserre dabiltzala Ernie Wrighten hilketa dela eta.

Beraz, badaki arin ibili behar duela, ezin duela denbora alferrik galdu....

Halere, zu lasai, Joe.

Ez egin txorakeriarik.

Hemen ez bait du ezer egingo.

Zirikatzen bazaitu ere, zu lasai, ez haserretu.

Baiezko keinua egin zion aitak Shaneri eta ate aldera joan zen.

Han zintzilik zegoen riflea hartu eta atea ireki zuen.

Gero atarira irten zen.

Shane aitaren atzean jarri zen.

Ama eta biok ate ondotik begira geratu ginen.

Lau gizon ziren.

Zaldi gainean laurak, guri begira.

Fletcher eta Wilson aurrean, beste biak atzean.

Gizon handia zen Fletcher.

Dotore jantzia zegoen.

Bizar txikia zuen, beltz-beltza; eta begi argiak.

Gizon gaizto eta odolzalearen itxura zuen.

Stark Wilsonek, berriz, gizon gogorra zirudien.

Lasai ageri zen, zaldi gainean.

Baina adi-adi zegoen halere, Shane egoten zen bezala.

Lasai zegoela zirudien, bai; baina erne zegoen, zer gerta ere prest beti.

Bere buruaz oso ziur zirudien.

Fletcher irribarretsu eta lagun gisa agertu zen.

Edo, behintzat, horrela agertzen saiatu zen.

Irabazten ari zela pentsatuko zuen, beharbada, eta gurekin nahi zuen guztia lortuko zuela.

Barkatu, Starret esan zuen, - sentitzen dut horrela etorri beharra.

- Eta sentitzen dut, baita ere, lehengo gauean gertatu zena.

Benetan tristea izan zen Wrighten heriotza.

Nahiago nuke gertatu izan ez balitz.

- Benetan esaten dizut.

Jendeak buru pixka bat balu, ez genuke tiroka ibili beharrik izango.

- Wrightek ez zion Wilson jaunari gezurti deitu behar.

- Hori gaizki egin zuen.

Horrela da, bai esan zuen aitak poliki.

- Erniek, halere, ez zuen uste arrazoirik falta zitzaionik.

Wilson tente jarri zen zaldi gainean.

Aita oso ausarta zen.

Ondo ikusi nuen hori orduan.

Hitz horiek esanda, gezurti deitu zion aitak Wilsoni, Ernierekin bat eginda.